jueves, 8 de marzo de 2012

Politikaren borobiltasuna


Zinegotzi naizenetik, eta izateko bidean nintzenetik ere, hainbat eraso jasan ditut bide ezberdinetatik. Ez dut noski, nire burua ogia erostera joateko ere bizkartzaina behar duten horiekin konparatuko, baina norberak bereak bizi ditu, eta horiek kontatu besterik ez du. Ezin dut (eta eskerrak!), bere bizia arriskuan dutenen azalean jarri. Etxeko garajean nire kotxea marratuta, eta matrikula erdi kenduta topatzen ditudanean sentitzen dudana, ezin dut beste sentipen batzuekin konparatu, oraindik ere bizkartzaina daramaten horiekin alderatu; baina honek gauza bat argi uzten dit. ETAk behin betiko suetena egingo zuen, baina herri hau normalizatzera iristeko, bide luzea dago oraindik. Pozoia sartuta dago, eta hau kanporatzeko urteak, eta beharbada, generazioak beharko dira.

Badaude bestelako erasoak ere, hauek “xinpleagoak”, baina odola sutan jartzen duten horietakoak, eta gainera “xinple” izanagatik, lehenago amaituko ez direnak. Hauek ez dira sueten batekin, edota pozoi horren kaleratzearekin amaituko. Hauek, jendearen edukazioa aldatzen denean amaituko dira. Edukazioa zentzu guztietan, etxean jasotzen dena, eta eskolan jasotzen dena. Komunikabideez ari naiz.

Komunikabide batek, zurea ez den iritzi bat errespetuz azaltzen duenean, eztabaida garbia eta osasuntsua iruditzen zait. Eraso bihurtzen da, demagogia, manipulazioa eta gezurra erabiltzen direnean. Honek, profesionaltasun eza ez ezik, edukazio falta eta gaiztakeria iruditzen zaizkit.

Eraso hauek hala ere, ez dira beti alde berdinetik etortzen. Ezker zein eskuin muturretatik datozkidan erasoak dira, eta honek, nire tokian nagoela gogorarazten dit. Hain gorroto ditudan muturrek nire lana gezur eta manipulazio bidez kritikatzen dutenean, zerbait ongi egiten ari naizela konturarazten didate.

Honek “politikaren borobiltasuna” dakarkit gogora, non, pentsamolde politiko guztiak borobil batean jarriz, ezker zein eskuin muturrak ez baitaude bata bestearengandik hain urruti.